XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hirugarren apunteok ere ageri-agerian daukate, aspalditxokoak direla.

Aurreko PSOE eta euskal abertzaletasuna-ren jarraipena bezala dira.

Apunte guziok 10 irakurgairen modura banatuta daude, kursilo batetarako bezala, lehenengo konzepzioari zegokionez.

Eta bestela ere, ikusten zaie apika, entzunaldi batetarako bururatu zirela, irakurraldirako baino gehiago.

Urteetan ez nituen ikusi ere egin: hortik ibili dira, eskuz-esku.

Isilpean irakurri zituztenei ezer aprobetxatu bazien, aprobetxa dakizula orain zuri, hainbeste komeria gabe liburu batetan eta inprimatuta irakur dezakezun horri: zer besterik esan dezake behinolako Autoreak.

Bitxiak egin zaizkit neuri ere apunteotako arrazoipideak, pentsabideak.

Kezkak, problemak.

Urrutikoak bezala.

Beste batena ote zen, iruditu zait.

Baina gurea zen, bai, mundu hori dena.

Ahaztu samartuta neukan mundu bat ekarri didate berriro gogora.

Urte gutxitan asko aldatu zaigu benetan Euskal Herria.

Geu ere dexente aldatu gara, ikusten denez.

Apunteok dira, aldakuntza horiekin batera aldatuz joaterik izan ez dutenak.

Orrialde mordo batzuk kendu eta zatitxoren batzuk erantsi arren, han eta hemen, funtsean beren zaharrean geratu behar izan dute.

Isildu samarrak dirudite, apunteok egin zireneko eztabaida gehienak.

Beste lan batzuetan enplegatzen gara orain.

Moduak aldatu dira, batik-bat: problemak planteatzeko moduak, eztabaidak egiteko moduak ere hortakoz, eta gure arteko diferentziak kontsideratzeko moduak ere bai, (...).